Dachau, Mauthausen, Auschwitz, Buchenwald, Ravensbrück... giza-zitalkeriaren oroimenean burrunbaka dabiltzan izenak dira. Historiak, literaturak, filmografiak eta agiriek gogorarazten digute naziek diseinatutako kontzentrazio eta sarraski esparru horiek. Hauetako eremu bat kokatu zen Biarnoko Gursen. Zuberoarekin mugan dagoen leku hau izan zen 1939ko neguan garaituak izan ziren milaka euskaldunen bazterketaren eszenatoki. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Gursek utzitako ondorioak izugarriak ziren; 60.000 pertsona pasa ziren handik, nazien unibertso errepresiboaren gune bihurtuz. Egun, hilerri batek soilik gogorarazten du 2.745 euskaldunekin hasitako tragedia hura. Gursen historia bere jatorrian gogoratzeko unea da, euskal soroetan, alegia.