Zein dira euskararen ahaideak, eta noraino hedatu zen gure hizkuntza? Profesionalek zein ikerlari apalek, euskararen sorburuaren lilurak bultzaturik, urte luzez bilatu nahi izan dute galdera horien erantzuna. Froga gehiagorekin zein gutxiagorekin, hainbat hizkuntza jo izan da euskararen ahaidetzat, eta teoria ezberdinak mamitu dira ikuspegi batzuen eta besteen baitan. Hala ere, gaur egun, oraindik ezezaguna da euskararen jatorria. Gai eder honi buruzko dibulgazio lana da Luis Nuñezen liburu berri hau, eta ulertzeko ez dago hizkuntzalaria izan beharrik.