Euskal gazteriak modu anitzetan adierazi ditu bere nahiak eta aldarrikapen politiko nahiz sozialak, Estatuaren aldetik erantzun errepresibo larria eta arbitrarioa besterik jaso ez duen artean: ekintza publikoen kriminalizazioa, polizia-muntaiak, atxiloketa masiboak, tortura, inkisizio garaiko epaiketak, kartzela-politika kriminalak… Era berean, eta kate bat bailitzan, estatuaren jarrerak milaka pertsonen ekintza piztu du, bereziki ama eta aita askorenak, oinarrizkoak irizten dituzten eskubideen alde, haien seme-alabei etengabe ukatzen eta zapaltzen dizkieten eskubide berberen alde. Nahiz eta gatazka egoera horren konponbiderako mundu mailako neurri politiko eta sozialak aurkeztu diren, estatuak ihes egiten die horrelako mekanismoei. Nahiago du errepresioa erabiliz jokatzea.