Gari Berasaluze. Getaria, 1975. Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Donostian. 90eko hamarkadaren hasieran Lubaki Bandako kide izan zen, eta sasoi hartan hasi zen lehen lanak argitaratzen. Bost urtez Egunkariako literatura gehigarriaren arduraduna izan zen, eta lan hura saritu egin zuen Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko epaimahaiak 1998an. Zarautz eta inguruetako herri-kronikagilea ere izan zen Egin egunkarian bi urtez, egunkari hura indarrez itxi zuten arte. Gertaera hark, Egin Irratian asteartero gidatzen zuen literatura-irratsaioa ere bertan behera utzi zuen. Gero Herri Irratian hasi zen, Euskal Idazleen Elkartearen Komatxo artean irratsaioaren esatari eta arduradun modura. Vladimir literatura taldearen eta fantzinearen sortzaile eta eragileetako bat izan zen. Liburugintzan, Azaro urrunetako intifadak (1996) eta Bobbyren hauspoa (1999) lanak argitaratu ditu orain arte. Gaur egun, Txalaparta argitaletxeko euskarazko liburuen arduraduna da.